tartea1

BILATU ATARIAN

BALIABIDEAK

GEOGEBRA-GIDAK

MATEMATIKA EPEa

PRIBATUTASUNA

HASIERA

tartea2

Bi uhin harmoniko koherenteren interferentzia

Ingurune bereko puntu batean gertatzen den bi uhin-higiduren edo gehiagoren arteko gainazarmenari interferentzia deritzo. Eraikuntza honetan O eta O' puntuetan sortutako bi uhin harmoniko koherentek (hau da, fasean dauden uhinak edo fase-diferentzia konstantea dutenak) sortutako interferentzia aztertzen da. Uhin horiek r eta r' distantziak ibili eta gero, P puntura iristerakoan, interferentzia sortuko da. Kalkuluak erraztearren, maiztasun, anplitude, uhin-luzera eta abiadura berekoak direla kontsideratuko dugu, eta bien bibrazioa hedapen-norabidearekiko perpendikularra dela.

Gainazarmen printzipioaren arabera, elongazio erresultantea bi uhinek sortutako elongazioaren batura izango da. Gainazarmenaren ondorioz, P puntuan uhin osatzaileen indartzea edo ahultzea edo zenbait kasutan erabateko deuseztapena gerta daiteke.

Interferitzen ari diren uhinak fase-konkordantzian daudeneko puntuei sabelak deritze, eta horietan anplitudea maximoa da. Puntu horiek biltzen dituzten lerroei sabel-lerroak (lerro bentralak) deritze.

Interferitzen ari diren uhinak fase-oposizioan daudeneko puntuei nodoak deritze, eta horietan anplitudea nulua edo minimoa da. Puntu horiek biltzen dituzten lerroei nodo-lerroak (lerro nodalak) deritze.

Sabel-lerro edo nodo-lerro bakoitza, bi puntu finkotatik (uhinen fokuak) distantzia-diferentzia konstantera dauden puntuez osatuta daude (r'-r = konstantea). Beraz, leku geometriko horiek hiperbolak dira.

Sabel-lerroak zein nodo-lerroak agertarazi ondoren (dagokien kontrol-laukian tick-a jarriz), aldatu perspektiba 'Biratu 3D ikuspegi grafikoa' tresnaren bidez toki horietan gertatzen dena (gainazarmen eraikitzailea/deuseztatzailea) hobeto ulertzeko.