tartea1

BILATU ATARIAN

BALIABIDEAK

GEOGEBRA-GIDAK

MATEMATIKA EPEa

PRIBATUTASUNA

HASIERA

tartea2

Difrakzioa

Difrakzioa uhinen hedapen zuzenaren desbideraketa da, zirrikitu batean zehar pasatzean edo oztopo batetik hurbil pasatzean gertatzen dena. Difrakzioa gerta dadin, oztopoaren tamaina uhin-luzeraren berdina edo txikiagoa izan behar da, edota oztopo handiagoaren ertzaren inguruan ere eman daiteke.

Eraikuntza honetan oztopoa uhin-luzera baino askoz txiagoa den zirrikituak sortzen du. Uhinak zirrikitua gainditu ostean, zirrikituak uhin-iturri bezala jokatzen du. Hau da, Huygensen printzipioak aurresaten duen bezala, uhin-frontea zirrikitura iristerakoan, zirrikitua hasierako uhinaren abiadura eta maiztasun berberak dituen oinarrizko uhin sekundarioen zentro sortzaile bihurtzen da, eta uhin sekundario horien gainazal inguratzaileak uhin-fronte berria osatzen du. Zirrikitua oso estua bada, puntualtzat har dezakegu eta uhin-fronte berria zirkunferentzia erdia izango da.

Bide batez, beste uhin-fenomeno bat beha daiteke eraikuntza dinamiko honetan: moteldura naturala. Behin oztopoa gaindituta, foku igorletik (zirrikitua) urrunduz doan neurrian, uhinaren energia banatu egiten da uhin-frontearen gainazalean eta horren azalera gero eta handiagoa denez, gero eta partikula gehiago dira bibratzen hasten direnak. Horrela ba, partikula bakoitzari gero eta energia txikiagoa dagokio, hots, partikulek gero eta energia txikiagoz bibratzen dute. Aktibatu 'moteldura' kontrol-laukia eta ohartu uhin fronte berriaren anplitudea gero eta txikiagoa dela foku igorletik (zirrikitua) aldentzen den neurrian.